Nor gara
Proiektu honen atzean ahuntz jator batzuk (Ursula, Urumehea, Pinson…) eta ni neu gaude.
Ni, Areta naiz. Landa eremutik nahiko gertu hazi naizen arren, ez naiz abeltzainen alaba. Nekazal ingeniaritza ikasi nuen Nafarroan eta Belgikan.
Angora ahuntzak jartzeko ideiaren hazia orain dela 10 urte Baionako nekazal azoka batean agertu zen. Animali hauek eta haien produktuak ezagutzeko aukera izan nuen, eta nire arreta deitu zuten.
Beranduago, poliki-poliki iparraldeko nekazal mundua ezagutu nuen. Bertako dinamismoa, lurrarekiko lotura eta nire inguruan hainbat lagunek sortu duten bizimodua eredu izan dira niretzat.
Bitartean, lehen sektorean eta irakaskuntzan ibili naiz. Gaur egun, bildutako ezagutzak proiektu honetan uztartu nahi ditut: abeltzain izateak ezagutza eta trebezia anitz eskatzen ditu, eta asko ikasi dut jada, baina asko dut oraindik ikasteko.

